Udaberriko perretxikoak

Udaberrian sartu gara eta dagoeneko prest gaude gure inguruko zelaietan bildu ditzakegun perretxiko goxoak dastatzeko. Zalantzarik gabe, garai honetako zizarik bilatuenak ditugu. Nafarroa, Araba eta Errioxako probintziek perretxiko hauekiko zaletasun handia dute, Villavelayoko “perretxiko festa” honen adierazle dugularik. Hain dira ospetsuak, non euren prezioa 170€/kg-ra iritsi daitekeen!

Perretxikoak beti toki berdinean hazten direnez eta belarretan seinalea uzten dutenez, ingurua ongi ezagutzen dutenak goiz jeiki eta euren saria izango denaren bila joaten dira, perretxikoaren bizitza laburra bait da. Perretxikoak biltzeko toki onenak, bilobek euren aiton-amonengandik oinordetzan hartzen dituzte, eta ohiturak aurrera jarraitzen ez badu galdutzat eman daitezke. Benetan ongi gordetako sekretuetaz ari gara!

Perretxikoaren aroma nahastezina dela eta, altxor gastonomiko desiratuenetarikoa dugu. Hementxe duzue garaiko errezeta goxoa. Gozatu dezazutela!

Osagaiak:

  • Txipiroi freskuak: 750 gr
  • 14 zainzuri berde
  • 2 tipula handi
  • 2 baratxuri-ale
  • Perretxikoak: 250 gr
  • Ardo txuri erdigozo txorrotada bat
  • Oliba olio birgina estra
  • Gatza
  • Piperbeltza

Prestaketa:

Zartagi batean, ongi txikitutako baratxuri-aleak txigortu. Juliana erara ebakitako tipula gehitu eta su baxuan karamelizatu, samurra geratu arte. 20 minutu inguru beharko ditu.

Txipiroiak ederki garbitu eta tentakuluak gorputzetik banatu.

Sua pixka bat igo eta txipiroi gorputzak gehitu. Zainzuriei oinarria kendu, gogorragoa bait da, eta zatitu, zartagian gaineratu aurretik. Ondoren ardoa isuri, sua gorenera igoaz alkohola lurrundu dadin.

Beste zartagi batean txipiroi-tentakuluak eta perretxikoak salteatu eta gisatuari erantsi. Azkenik, gatz eta piperbeltz puntua zuzendu eta zerbitzatu.

On egin!