Zer da onddoa?

Onddoa likenen eta algen antzeko landare bat da, eta ezaugarri nagusia du ezin dela eguzkiaren energia baliatu CO2a azukre bihurtzeko, ez baitauka klorofilarik. Hortaz, aurrefabrikatuak hartu behar ditu elikagaiak, beste organismo batzuetatik aterata, izan landare- edo animalia-organismoak.

Onddoen osagai nagusiak bi dira: mizelioa, lurpean hazten diren harizpien multzoa, eta fruitu-gorputz bat, hain zuzen ere perretxikoadeitzen duguna. Fruitu-gorputz batzuk lurpean hazten dira, boilur gozoak esate baterako.

 

 

Fruitu-gorputz batzuk jateko onak dira, zapore handia edo zapore gutxi izan; badira ezin jan direnak usainak eta zaporeak nazka ematen dutelako; badira digerigaitzak eta toxikoak; eta badira pozoi hilgarria dutenak ere.

Zer eratakoak diren jakiteko, onddoen morfologiari, usainari eta zaporeari erreparatu behar zaie; zer habitatetan aurkitu diren, baita zer urtarotan agertu diren ere.

Onddo batzuk saprofitoak dira, eta adar lehorrak, enbor eroriak, animalien gorotzak… erabiltzen dituzte substratu gisa. Beste onddo batzuk parasitoak dira eta landareekin bizi dira, haiez baliatuz, ahuldu eta eritasunak ekartzen baitizkiete.

Eta badira beste onddo batzuk landareekin bizi direnak, baina elkarri lagunduz. Era horretan, zuhaitz jakinei loturiko onddoak aurki genitzake, nola diren pinua, urkia edota laritza.