Errezetak
Dudarik gabe esan liteke milaka zale mendira perretxiko bila joanarazten dituen motiboetako bat haiek dastatu eta gozatzea besterik ez dela. Sukaldean prestatzerakoan, honako hauek dira emaitza on baten sekretuak: bildu dugun materiala freskoa izatea eta ondo zaintzea, hau da, materiala egokiro erabiltzea jasotzen dugun unetik etxera heltzen garen arte.
Perretxikoek, gordinik, baso-usaina dute, eta lur bustiarena. Surtatik pasatuta, lurrin delikatuak darizkie. Lurrinean eta testuran datza perretxikoek duten grazia. Egosterakoan isurtzen duten likidoan egon ohi da perretxikoen usainaren parterik handiena. Horregatik ez da behin ere utzi behar likido hori osorik lurrintzen. Perretxikoek beren gorputz osoa gordeko dute, urgabetu ondoren, su bizian salteatzen direnean. Eta sobran geratzen den salda beste gisatu baterako aprobetxa daiteke, edo egin denari eransteko.
Baratzetan lantzen ez badira ere, beren konposizioa dela-eta, perretxikoak barazkiekin sailka daitezke, baina barazkiena baino elikagai-balio handiagoa dute. Perretxikoen kontsumoa oso osasungarria da, oso kaloria gutxi baitaukate, eta kolesterolik ia batere ez. Horregatik guztiagatik, perretxikoak ez dira eguneroko dietan nahitaezko elikagaia, baina dudarik gabe esan daiteke gastronomiako jaki gozoenetakoak eta estimatuenak direla.