Perretxikoak jasotzen
Ondoren, aholku ekologiko batzuk proposatzen ditugu, gogoan hartu beharrekoak onddoak jasotzerakoan:
Iraunkortasuna
Aurren-aurrenik, «espezie ezagunak» bildu behar dira, gorabeherarik ez dadin izan, eta kontsumitu behar den kopurua bakarrik. Ingurumenaren iraunkortasuna garrantzi handiko gauza da. Ez da gomendagarria lurra iraultzea edo aldatzea. Era berean, perretxikoak osorik atera behar dira, eta egindako zuloa estali gero. Era horretan ez zaio kalterik egingo mizelioari, derrigorrezko gauza leku berean beste onddo batzuk hazteko.
Aukera
Ez dira hartu behar oso helduak dauden perretxikoak, ez baitira ondo digeritzen, eta ez dira hartu behar oraindik hazteko daudenak ere. Ez dira bildu behar perretxikoak leku kutsatuetan edo errepide-ertzean, lurrean dagoen guztia xurgatzen baitute, esate baterako merkurioa edo selenioa.
Garraioa
Ondo haizeztaturiko saski bat erabiltzea komeni da, ez plastikozko poltsak. Onddoak oso erraz hondatzen dira, eta, hori dela-eta, haizeztatuak eduki behar dira, lurrez ondo garbituak eta buruz behera jarriak, ez daitezen zikindu.
Lanabesak
Perretxikoak ondo haizeztaturik mantenduko dituen saski bat, labana bat perretxikoak osorik ateratzeko lurretik, eskuila bat perretxikoei lurra kentzeko, oinetako egokiak, zira, mapak eta baita iparrorratz bat ere, basoa ez badugu ezagutzen.
8 AHOLKU OINARRIZKO ONDDOAK BILTZEKO
- Ezagutzen dituzun onddoak bakarrik bildu. Onddo bat ezagutzen ez baduzu, ez jan.
- Ahalik eta ondoena garbitu bildutako perretxikoak saskian sartu baino lehen. Ez erabili plastikozko zorrorik.
- Ez bildu eta ez kontsumitu zentral nuklearretatik gertu dauden perretxikoak, errepideetan, lorategi publikoetan daudenak, meategietatik, fundizio, errausgailu, aireportu eta abarretatik hurbil daudenak. Metal astunen edukia (beruna, merkurioa eta kadmioa) handiagoa izaten da aipatu kasuetan.
- Ez ostikoz jo eta ez desegin ezagutzen ez dituzun perretxikoak, perretxiko guztiek betetzen baitute eginkizun jakinen bat naturan.
- Ez bildu kontsumitu ahal duzuna baino gehiago.
- Etxera iristean, banaka-banaka aztertu ale guztiak. Puskak bota.
- Sukaldean prestatu behar dituzun perretxikoetatik, utzi baten bat beti hozkailuan gordea; intoxikaziorik balego, dagokion espeziea identifikatzen lagunduko dizue.
- Intoxikaziorik balego, zoaz berehala ospitale handi bateko LARRIALDIETARA eta mikologo bat etortzeko eskatu. Eraman hozkailuan gordetako alea.
Legedia eta barrutiak
Espainiako legediak dioenez, mendiko perretxikoek jaberik ez daukate, eta, ehizak eta arrantzak bezala, zerikusirik ez dute dauden lurraren jabetzarekin. Perretxikoak naturak emandako produktuak dira, eta iristen den lehenaren eskura daude, salbu eta lur jakin baten jabeak barruti mikologiko gisa deklaratua badauka eta delako barrutian beharrezko seinaleak ipini badira.
Euskal Herrian eta Nafarroan badira barruti mikologikoak.
Halakoa da Ultzamako Parke Mikologikoa, non perretxikoak biltzeko baimena erosi beharra baitago. Baimen horrekin, alde batetik, biltzaileen kopurua kontrolatu nahi da, baita bakoitzak biltzen duen perretxiko-kopurua ere, eta, bestetik, kultura mikologikoa zabaldu nahi da, intoxikazioak saihesteko eta ingurumena modu iraunkorrean errespetatzeko.
Eguneko tiketarentzako bost eurotik urteko abonamenduak balio dituen laurogei eurora doa prezioa.
Argibide gehiago: Ultzamako Parque Mikolgikoa
Arabako Foru Diputazioak ere legedia bat antolatu du, zeinaren arabera onddoen aprobetxamendua librea izango baita, gehienera ere, 2 k/pertsona eta egunekoraino, salbu eta aprobetxamendu hori erreserbatu edo mugatzen den baso-lurretan.
Argibide gehiago: Arabako Foru Legedia