Intoxikazioa
Perretxiko bila joatean, perretxikoak ondo ezagutzen dituen norbaitekin joatea da hoberena, baita Elkarte Mikologikoetan informatzea ere, edota liburu eta ikus-entzunekoekin.
Perretxikoen toxikotasunaz gainera, gogoan hartu behar dira beste faktore arriskutsu batzuk, nola diren alergiak edo intolerantziak, egoera txarrean dauden perretxikoak, ontziratzearen arriskuak (botulismoa) eta metal astunen edukia.
Inkubazio-aldi laburreko perretxikoetan (< 4 – 6 ordu ), intoxikazioa eragiten duten gai toxikoak oraindik ere aparatu gastrointestinalean egoten dira, eta, hortaz, ikuspegi medikotik, tratabide sintomatikoa askoz ere eraginkorragoa da.
Inkubazio-aldi luzea dutenetan, intoxikazioa eragiten duten gai toxikoak normalean hesteetako muga pasatuta egoten dira, eta heldu dira odolera. Ikuspegi medikotik, askoz ere zailagoa izaten da tratabide sintomatikoa. Halakorik gertatuz gero, ordea, berehala ospitalera joan beharra dago.
Nolanahi ere dela, jan diren bezalako perretxikoak eman behar zaizkio medikuari, edo geratu direnen hondakinak. Arretaz, aleren bat gorde behar litzateke beti hozkailuan, aditu batek aztertu ahal izan dezan.
Zoritxarrez, medikuek ez dituzte perretxikoak ezagutzen; intoxikazioaren sintomatologia besterik ez dute jakiten.
Argibide gehiago izateko, edo intoxikazioa izanez gero, badira Elkarte Mikologikoak, eta haiek aholku garrantzitsuak eman ditzakete.
Arreta handia izatea gomendatzen da perretxikoak kontsumitzerakoan, bai norberaren kontsumorako biltzen direnak, bai merkatuetan saltzen diren basa-perretxikoak, zeren, “adituek” bildu dituztela pentsatzen bada ere, ez dira igarotzen kontrol jakinetatik edo osasun-kontroletatik. Perretxiko landuek bai; industria direlarik, ikuskaritzak eta kontrolak gainditu behar izaten dituzte, espezieak oso jakinak izateaz gainera: Agaricus bisporus (txanpiñoia), Pleurotus ostreatus (belarri landua), Lentinus edodes, Pleurotus eryngii (kardu-ziza), Lepista nuda (oin-urdina) eta beste batzuk.