Russula vesca / Gibelarrosa goiztiarra
DESKRIBAPENA:
Txapelak 10 cm-raino ere izan ditzake; esferaerdi formakoa da edo lautua, erdialdea beheratua. Kutikula arrea, arrosakara edo hur-kolorea, ertza barneratua, xaflen amaiera ikusten dela. Xaflak itsaskorrak, oinaren aldean adarkatuak, itxuraz koipetsuak eta kolorez zurixkak. Oin sendoa, gogorra, kolorez zuria. Haragi trinkoa eta oso hauskorra, kolorez zuria, kutikularen azpian izan ezik, han haragi-arrosa baita. Usain suabea, oso atsegina, eta fruitu lehorren zaporea, berebat atsegina.
HABITATA:
Urkien azpian hazten da maiz, han, kolorea dela medio, zuhaitz horren hostoen artean kamuflatzen baita; gutxiago bada ere, haritzen artean ere agertzen da, eta, oso tarteka, pinuen edo laritzen artean.
SUKALDEA:
Gordina jan daiteke.
KONTSERBAZIOA:
Freskoa dagoela, oso egokia. Ozpinetan edo oliotan, ez da oso egokia. Lehorrean egokia.