Pleurotus ostreatus / Belarri landua
DESKRIBAPENA:
Txapela hasieran ahurra, gero lau-ahurra, ostra-formarekin, eta hortik datorkio izena. Oso kolore aldakorra, gris argitik hasieta marroi iluneraini. Ertza mehea eta bildua, txapelaren kolore berezkoa. Xaflak hasieran zuriak dira, eta gero krema-kolorea hartzen dute, aleak heltzen direnean. Estuak eta desberdinak dira. Oso dekurrenteak. Oina motza da, batzuetan agertu ere ez da egiten. Haragia zuria da, eta krema-ñabardurak izaten ditu bustia dagoenean. Onddo-usaina eta zaporea, oso atseginak.
HABITATA:
Espezie hau ia beti usteltzen ari diren hostozabalen enborretan edo mozkinetan garatzen da, maizago pagadietan. Talde estuetan hazten da, oinak elkarturik batzuetan.
SUKALDEA:
Perretxiko hauek maizenik fresko kontsumitzen dira, garbitu ondoren, baita zenbait eratara prestatuak ere. Sarrera gisa, barazki-salteatuarekin, batez ere zainzuri edo baratxuriekin. Propietate sendagarriak ditu, eta tumoreen kontrakoak. Lastoarekin lantzen da.